XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

IMANOL ENBEITA RENTERIA (1884-1946) URRETXINDORRAREN ANAIA

Sarrera

Imanol Enbeitaren bila euskal literaturako liburuetara nahiz bertso eta olerkiz ari den entziklopedia ezberdinetara joz gero, nekez aurki genezake Imanoli buruz gauza aipagarririk.

Ez ote du merezi zertxobait gehiago Imanolek gure euskal kulturan? edota ez ote dute itzali Urretxindorraren eta beste Enbeitatar ospetsuagoen distirak ezkutuago gelditu den gure Imanolen argia?

Orain egiten dugun Imanolen aurkezpena irakurri ondoren, Imanolek askok uste baino gehiago idatzi zuela ohartuko gara, eta gerra aurreko euskal kulturaren berpizkundean bere aletxoa eskaini ziola Euskal Herriari.

Lantxo honen hasiera azaldu behar dugu orain.

Edurne Enbeita Goiria zenak, Urretxindorraren alabak, asko miresten zuen Imanol.

Behin baino sarriago esan izan zion honen seme Joseba Imanoli: Inork merezi badu zure aitak merezi du beraren lanak biltzea; zure aita, idazle legez, gure aita baino idazle hobea zen.

Edurne bera hasi zen, bada, Imanolen paperak biltzen.

Joseba Imanoli lan zaila iruditu zitzaion, baina Edurnek aurrera egiten zuela ikusirik, bera ere hartara jarri zen buru-belarri.